2018(e)ko irailaren 20(a), osteguna

Ongi etorri ikasturte berrira!


Familia agurgarriak,

Aurten ere gogotsu ekin diogu Agenda 21 talde sustatzaileko kideok ikasturteari, gure ikastola eskola jasangarriagoa egin asmoz.
Helburu hori betetzeko zuen laguntza eta lankidetza ezinbestekoak zaizkigu. Horregatik eskatu nahi dizuegu geureak ditugun balioak zeuenak ere egin eta seme-alabekin parteka ditzazuen, hala nola, kontsumoaren murrizketa, berrerabilpena, birziklatzea, hondakinen kudeaketa egokia, zaborrontzi ezberdinen erabilera zuzena, eta abar.
Bestetik, gutun honen jomuga ikasturteko gaiaren berri ematea ere bada: aurten AZTARNA EKOLOGIKOA landuko dugu, hau da, lurralde bateko populazioak bere kontsumo beharrak asetzeko behar duen azaleraren zenbatekoaz arituko gara. Labur esanda, demagun planetan bizi den pertsona bakoitzari 1,8 hektarea lur dagokiola. Populazioaren zati batek hektarea gehiago kontsumitzen badu, arazoak izango ditugu, ez baitago nahikoa planeta kontsumo hori asimilatzeko.
Ikasturtean zehar, beraz, zuen seme-alabak aipatu gaiaren inguruan lanean ikusiko dituzue: diagnostikoa egingo dute, emaitzak aztertuko dituzte eta ekintza plana jarriko dute martxan.
Geure gogoa da egiten duten hura zuen esku jartzea, eta horretarako ez ahaztu ikastolara bazatozte Agenda 21i dagozkion Txoko Berdeetan kuxkuxean ibili eta gure bloga bisitatzea.

A21 Talde Sustatzailea

Iturria: https://eu.wikipedia.org/wiki/Aztarna_ekologiko